2008/05/29

Leire Olaberriarekin elkarrizketa.

Ir a descargar



“Domina momentuz leku askotan dabil bueltaka”
Leire Olaberria, 31 urte, txirrindularia eta joku olinpikoetan brontzezko domina irabazi duen neska jatorra. Intxaurrondo hegoa ikastetxeko 6. mailako ikasleak Belodromoan izan gara berarekin solasean.
Zenbat urterekin hasi zinen lehiatzen?
25 urterekin hasi nintzen bizikleta gainean lehiatzen. Berandu hasi naiz. Hala ere betidanik izan dut gustuko lehiatzea eta kirola egitea. 14-15 urterekin hasi nintzen korrika. Urte guzti hauetan beti izan naiz lehiaketen inguruan.
Zergatik erabaki zenuen txirrindulari izatea?
Aurretik atleta izan naiz urte askotan zehar eta ilusioa galtzen joan nintzen. Niretzat oso garrantzitsua da egiten dudana ilusioarekin egitea, momentu horretan nire mutil–laguna txirrindularia zen, pistako txirrindularia, eta berak sekulako gogoa zeukan ni txirrinda baten gainean jartzeko. Ni eramaten utzi nintzen, gaur arte
Zer kendu dizu txirrindularitzak? Eta eman?
Normalean txirrindularitza oso mundu gogorra da, eta gehienetan gehiago kentzen du eman baino, baina nire kasua nahiko berezia da. Niri asko eman dit, eta kendu, agian, familiarekin eta etxean egoteko denbora hori, gu urtean 6 hilabete egoten gara alde batetik bestera. Manchesterren egon gara, orain Australiara joango gara.
Lesio larririk izan al duzu?
Ba bai, bi edo hiru saihets apurtu nituen, baina aste betean berriro bizikleta gainean nengoen.
Zenbat ordu egiten dituzu entrenatzen?
Denboraldiaren arabera. Denboraldi hasieran, egunean saio bat egiten dut 3 ordukoa gutxi gora behera. Baina orain, beste helburu garrantzitsu batzuk ditugu gertu. Munduko kopa lehiaketan sartuta gaude eta goiz eta arratsaldeko saioak 4-5 ordukoak izaten dira hala ere denbora konturatu gabe joaten zaizu.
Zein da zure ohiko postua?
Laugarrena da beti egiten dudan postua, baina beti indartsu egon behar da, zeren ez dakizu noiz, baina bat-batean emaitza on bat izan daiteke. Nire kasuan joko olinpikoetan izan zen, podiumera igo eta sekulako poza daukazu.
Pekinera iristerakoan zein izan zen zure lehen inpresioa?
Nahiko inpresio txarra izan zen, hemen uda zen, eguraldi onarekin geunden eta Pekinen ia inoiz ez da eguzkirik ikusten eta denbora guztian lainopean zaude. Baina joko olinpiko batzuetan zaude eta gai zara hori dena gainditzen.
Zer sentitu zenuen joko olinpikoetan jokatzerakoan?
Gauza asko sentitu nituen. Kontutan izan behar da, bertan izateko zure herrialdeko txirrindularirik onena izan behar zarela, eta horrek suposatzen du, urtean zehar egin duzun lasterketa guztiak irabazi edo ondo egin behar dituzula.

Espero zenuen zure lehen joko olinpikoetan domina irabaztea?
Esan dudan bezala nire ametsa zen bertan izatea eta noski, dudarik gabe, dominaren bila irteten zara, bai zu bai irteten diren beste 23ak ere.
Domina jaso zenuenean negar piloa egin zenuen. Zertan pentsatzen zenuen momentu horretan?
Momentu gogorretan lagundu dizun jendeaz gogoratzen zara, poza eta alaitasun handia sentitzen duzu.
Haserretu zinen urrezko domina ez irabazteagatik?
Ez, ez eta batez ere ikusita nor irabazi zuen. Gure kasuan Marian Vos zegoen, munduko txapelduna da errepidean, ziklokrosean eta pistan. Gure lana da lanean jarraitzea eta berarekiko diferentzia ahalik eta txikiena izatea, egun bateko karrerak izaten direnez huts egite bat egiten duenean harrapatzeko intentzioarekin.
Non gordetzen duzu domina?
Domina momentuz leku askotan dabil bueltaka, alde batetik bestera. Leku askotatik eskatzen didate eta momentuan etxean dago. Hala ere gaur zuek ikusteko ekarri dut. Espero dut denbora gutxiren buruan koadrotxo batean edo gordetzea.
2012ko Joko Olimpikoetan parte hartuko duzula uste duzu?
Intentzioa hori da. Ni berandu iritsi naiz kirol honetara, eta askotan kirolari baten bizitzan momentuan dituzun urteak baino garrantzitsuago da zure ibilbidean zenbat denbora daramazun hor, eta nire ibilbidea nahiko motza da. Oso intentsua izaten ari da, bainan nik intentzioa dut gutxienez behintzat Londres arte irauteko eta ba han Pekinen bizitakoa oso polita izan da eta nik uste dut edozein kirolarik berriro bizitu nahi duela horrelako momenturen bat...baina kontziente gara baita posible dela berriro joko olinpiko batzutan egon eta holako emaitzarik ez lortzea.
Beste zaletasunen bat al duzu?
Zaletasun asko ditut baina denborarik ez daukat. Hala ere bidaietan edo lehiatzeko zain nagoela denbora libre asko izaten dut.. Bidaietan irakurtzea gustuko dut .